Txistua txirula zuzen bat da, tradizioz zurezkoa, hiru zulokoa. Azken ezaugarri hori dela eta, musikariak esku bakarra behar du, eskuarki ezkerrekoa, txirula jotzeko; eta beste eskua, normalean eskuina, danbolina jotzeko erabiltzen da. Txistulariak melodia eta erritmoa uztartzen ditu, eta horrek musikari oso bihurtzen du. Instrumentu honen interpretearen izena aldatuz joan da denboran zehar; erabilitako terminoen artean daude danbolindari edo ttuntunero, baina XIX. mendeaz geroztik izen arruntena txistulari izan da.

MANUEL SODUPE "GELATXO", OMENALDIA AZPEITIAN 1947AN.

Txistua da Euskal Herrian gehien zabaldutako musika tresna folklorikoa, baina jatorri ezezaguna du. Lehenengo aipamen idatziak XVI. mendekoak diren arren, txistuaren presentzia ikonografia zaharragoetan erregistratu da, hala nola erretauletan, estatuetan eta monumentuetan. XVIII. mendean sortu ziren lehenengo txistulari taldeak. Horri esker, instrumentuaren errepertorioa handitu zen, eta piezak harmonizatu ziren hainbat ahotsetara egokitzeko. Mende horretan bertan, silbotea ere sortu zen, txistuaren familiako instrumentu bat, txistulari bandetan integratu zena, taldeetako grabeak aberasteko. Banda horietako kideak hauek ziren: 1. txistua, 2. txistua, silbotea eta atabala.

XIX. mendean, txistulariak presentzia instituzionala izaten hasi ziren, eta udalek eta aldundiek kontratatu zituzten ekitaldi ofizialetan parte hartzeko. Gaur egun, rol garrantzitsua jokatzen jarraitzen dute ekitaldi instituzionaletan, jaietan eta euskal dantzako taldeen barruan. Hala ere, txistulariek garai latzak bizi izan dituzte historian zehar. Beste musikari batzuek bezala, administrazio judizialaren eta elizaren aldetik debekuak eta zigorrak jasan dituzte, parte hartzen zuten dantzak eta jaiak ez-moraltzat jotzen baitzituzten. Frankismoan, txistulariak ere jazarri zituzten.

1926 eta 1927 bitartean, Bilboko txistulari talde batek, Sandalio Tejadarekin batera, Euskal Herriko Txistularien Elkartea osatzeko lan egin zuen. Prozesu horretan garrantzitsuak izan ziren Manuel eta Joaquin Landaluze (Bilboko txistulariak), Martin Elola (Begoñakoa), Demetrio Garaizabal (Sestaokoa), Luis Lopez de Bergara (Portugaletekoa), Segundo Atxurra (Algortakoa), eta Benito eta Daniel Albeniz (Areetakoak). 1927ko irailaren 20an, ofizialki sortu zen Euskal Herriko Txistularien Elkartea, Arraten (Eibar). 1928 eta 1936 bitartean, elkarteak lan garrantzitsua egin zuen: lehendabiziko txistu metodoak argitaratu zituen, hala nola Aita Hilario Olazaranena eta Manuel Landaluzerena, eta lehenengo txistulari kontzertu handiak antolatu zituen, alarde izenez ezagunak.

1936 eta 1952 artean, elkartea geldirik egon zen; 1952an, bere jarduerari berriro ekiteko lehenengo bilera egin zuen. Bigarren aldi hartan, Isidro Ansorenak eta Donostiako txistulari talde batek (Lucas Ganuza, Fernando Vidal eta Manuel Galdona) hartu zuten lekukoa. 1955ean, elkartea berriro legeztatzea eta berriz aktibatzea lortu zuten.

Bizkaiko txistularien lehenengo diska “Aurresku, kontrapas y zortziko: Fandango contradanza” izan zen, 1908.urtetik Begoñako eta Bilboko udal txistularia zen Martin Elola gipuzkoarrak eta Urduñako Joakin eta Manuel Landaluce anaiek Bartzelonan 1928ko abenduaren 12an grabatu zutena.

BONI FERNANDEZ

EZAGUTU

ALEJANDRO ALDEKOA

EZAGUTU

JOSE LUIS ETXEBARRIA

EZAGUTU

Scroll to Top