
Rufino Arrola Ibergarai 1909ko maiatzaren 29an jaio zen, Lemoizko Atauneta baserrian, urte batzuk geroago Lemoizko zentrala eraikiko zuten lurretan. Bost urte besterik ez zuela, familia Andraka gaineko Goikomendi baserrira aldatu zen bizitzera.
Baserriko lanetan laguntzen zuen, ardiak zaintzen. Bederatzi urterekin, akordeoiarekin lehen kontaktua izan zuen, Buenos Airesa emigratu zuen osaba batek etxean akordeoia utzi baitzuen. Hamahiru urte zituela, Zamudioko Geldos auzoan egin zuen lehen emanaldia. Hurrengo urtean, Lezaman lortu zuen lehenengo plaza, Karlos Matxain pandero jotzailearekin batera.


Trikitiaren munduan «Andrakako errementaria» ezizenez zen ezaguna. Izan ere, behin ofizioa ikasita, bere errementeria Andrakako bidegurutzean kokatu zuen, eta han eraiki zuen bere etxea izango zena. Geroago, bere etxabean taberna bat jarri zuen.
26 urterekin Emeteria Makuriagarekin ezkondu zen, eta 13 seme-alaba izan zituzten.
Errementari lanbideak eraginda, trikitia alde batera utzi zuen 18 urte zituenetik 58 urte bete arte. Orduan, inori ezer esan gabe, Donostiara joan zen, akordeoi bat erostera, 5.500 pezetan.
Orduz geroztik, trikitilari karrera geldiezina hasi zuen. Txetxu Urrutia, Kepa Arrizabalaga edo Eusebio Rouraren «Eusebito» pandero jotzaileekin batera, Euskal Herri osoan zehar ibili zen.
Rufinoren lorpen nagusien artean daude 1973ko Bizkaiko Trikiti Txapelketa irabaztea, Kepa Arrizabalagarekin batera (lehenago, 1972ko edizioan, irabazia zuen akordeoi jotzaile onenaren saria); 1980ko Euskal Herriko Trikitixa Txapelketan laugarren izatea; eta zenbait disko grabatzea. Horietako ospetsuena, Bizkaiko trikitilariak (1979), Luis Bilbaorekin eta Kepa Arrizabalagarekin batera grabatu zuen, Donostian, hartualdi bakarrean eta inolako etenik eta errepikapenik gabe.
1996ko otsailean hil zen, hilabete lehenago Mungian omendua izan ondoren.
14 urterekin lortu zuen lehenengo plaza, Lezaman, eta 5 pezeta kobratzen zituen. Hala ere, etxera itzultzean, bidean aurkitzen zituzten tabernetan gelditu ziren, eta plazan ordaintzen zietena baino askoz diru gehiago bildu zuten horrela. Haien garraiobidea bizikleta zela kontuan hartuta, oraindik ere Artebakarra eta Andrakako aldapak eskusoinuarekin sorbaldan igotzea geratzen zitzaion, eguna amaitzeko.
BIDEOAK
Elkarrizketak, 1986 – Ahotsak.eus
Romería 1988
Saski naski
DISKOGRAFIA

Bizkaiko Trikitilariak (1979) Rufino Arrola eta Kepa Arrizabalaga
- 1. Arrizabalaga zinan
- 2. Atsoak alabea
- 3. Bizkaiko pelotariak
- 4. Errementari baino
- 5. Esan dozu Eder hori
- 6. Udaberria da ta
- 7. Andrakako biribilketa

Herriko musika (1977) – Rufino Arrola
- 10. Jota
- 11. Purrusalda
- 12. Biribilketa
- 13. Jota

Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa Nagusia (1980)
Rufino Arrola eta Kepa Arrizabalaga
- 17. Trikitixa
- 18. Porrusalda
- 19. Fandangoa
- 20. Arin-arina

Vulcanoren atzamarrak
- 1. Kalejira
- 2. Mendi altuen edurre
- 3. Mañaritik urtenda Urkiolaraino
- 4. Pasodoblea
- 5. Gure baserria (trikitixa)
- 6. Soñu eta pandero (Porrue)
- 7. Fox
- 8. Soñu eta pandero (Porrue)
- 9. Txikitxu polit hori, lurraren gañian (Porrue)
- 10. Tangoa
- 11. Trikitixa – Fandangoa
- 12. Porrue – Arin-arina
- 13. Kalejira