
Balbino Ojanguren Oregi Bilboko La Ronda kalean jaio zen, 1907ko martxoaren 30ean, baina haurtzaro osoa Fikako familiaren baserrian eman zuen. Soldadutza egin ondoren, Pantxike Bilbao gatikarrarekin ezkondu zen, eta orduan Olabeaga auzora joan zen bizitzera. Erretiroa hartu arte, Bilboko Udaleko desinfekzio zerbitzuan lan egin zuen.
Gaztetan, garaiko trikitilariak ikusita, akordeoi diatonikora zaletu zen. Bat erostea erabaki zuen, eta joaten zen erromerietan ikasi zuen jotzen, bere kabuz. Erromeria haietan panderoa jotzen ere ikasi zuen.


Gerraostean ezagutu zuen Silvestre Elezkano «Txilibrin», eta parte hartu zuen hainbat dantza taldetan: Dindirri, Arraizpe, Beti Alai, Txindor, Gaztedi, Galdakaoko Andra Mari eta Beti Jai Alai dantza taldeetan, alegia. Talde horiekin, Euskal Herrian eta atzerrian barrena ibili zen hainbat hamarkadaz.
Hain zuzen ere Silvestre Elezkano «Txilibrin» lagun zuela, Euskal Herriko trikiti eta alboka bikote ospetsuenetako bat osatu zuen. Lehen sariak lortu zituzten hainbat txapelketatan (1971, 1972 eta 1974ko Bizkaiko Trikiti Txapelketak eta 1972ko Ondizen antolatutako Euskal Herriko txapelketa).
Estatuko eta nazioarteko hainbat jaialditan jo zuten, eta La Caravana de la Alegría elkarteko kide izan zen. Ongintzako elkarte horrek, altruismoz, urte askoan poza eraman zuen ospitale eta asiloetara, haur eta adinekoentzat.
Trikitixa y Alboka taldearen zenbait diskotan parte hartu zuen akordeoia eta panderoa joz: Antología de instrumentos vascos (Columbia, 1971), Trikititxa: Txilibrin y Balbino (Columbia, 1972) eta Pot-pourri vasco, volumen II (Columbia, 1974).
Bere emanaldi ugarietan garaiko interpreterik ezagunenak izan zituen lagun: Salvador Ugarte, Roman Urraza, Ramon Garate, Simon Beaskoetxea, Antonio Ayesta, Romualda Zuloaga, Maria Ángeles Mendizabal, Jose Ojanguren «Borlas», Manolo Leguina, Guillermo Etxebarria «Artxanda», Juan Carlos Roel «Tarrañuelas»…
1967 eta 1968. urteetan Galdakaon Euskal Herriko albokari, pandero jotzaile eta koblarien batzarrean parte hartu zutenetako bat izan zen.
Jota lehiaketa askotan epaimahaikide izan zen.
1968tik aurrera, Iker Robles-Arangizen eskutik, Iparraldeko ikastolen alde lan egiten hasi zen (Seaska, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioa, 1969an), bere Txilibrin bereizezinarekin, Estitxurekin, eta Pantxoa eta Peiorekin batera.
Balbino oso futbolzalea izan zen, eta Athleticen eta Indautxuren jarraitzailea zen. Ohikoa zen bere akordeoiarekin agertzea finaletako eta gainerako partida garrantzitsuetako joan-etorrietan. Bere azken emanaldia 1975eko udaberrian izan zen, Beti Jai Alai taldearekin batera.
1975eko urriaren 1ean hil zen, Bilbon.
1984ko irailaren 15ean, omenaldia egin zioten Olabeagan. Trikitiaren munduko pertsona ospetsuak izan ziren han: Eduardo Egiarte eta Felisa Arribalzaga; Salvador Ugarte eta Simon Beaskoetxea; Leon Bilbao, Basilio «Txiki» Undagoitia eta Maurizia Aldeiturriaga; Silvestre Elezkano «Txilibrin», Guillermo Etxebarria «Artxanda», Manolo Leguina eta Juan Carlos Roel; Rufino Arrola «Andrakas» eta Kepa Arrizabalaga; Luis eta Koldo Etxebarria, Tomas Uriarte eta Jesus Azkoaga «Krustxev»; Kepa Junkera, Iñaki Zabaleta eta Jose Maria Santiago «Motriku»; Santutxuko trikitilarien taldea; eta zenbait jota bikote.
BIDEOAK
1967-1968ko albokari, panderojole eta koblarien asanblada – J.M.BARRENETXEAREN
BILDUMA (Soinueneak digitalizatua)
DISKOGRAFIA

Antología de instrumentos vascos (1971)
- A3. Fandango arin arin biribilketa alboka
- B5. Fandango arin arin biribilketa trikitixa

Trikititxa: Txilibrin y Balbino (1972)
- A1 – Fandango
- A2 – Arin - Puerros
- A3 – Biribilketa

Pot-pourri vasco vol.II (1974)
- A3 – Trikitixa con acordeón (biribilketa)
- B3 – Trikitixa con alboka (arin-arin)