1829an, Vienan, Cyrill Demianek patentatu zuen accordion izeneko instrumentu prototipo bat, egungo akordeoi diatonikoaren aitzindaria. Tresna hori Bizkaian lehen aldiz 1889an aipatu zen, Juan Carlos Guerra historialariaren testu batean. Hor, «akordeoi berri-berria» dela aipatzen da. Tresna berri hori bere sinpletasunagatik, erosotasunagatik eta mantenu txikiagatik nabarmendu zen, eta horrek berehala kuttun bihurtu zuen klase apalen eta musikari autodidakten artean. Ia berehala zabaldu zen musika tradizionalean.

Euskal Herriko trikitilariei omenaldia Markinan, 1985.

Aditu batzuek diotenez, lehenengo trikitilari ezagunak bizkaitarrak izateak eta lehenengo trikiti dendak (Zengotita, Bilboko Tenderia kalean kokatua) instrumentu horiek ere ekoizteak indarra ematen diote akordeoi diatonikoa Euskal Herrian Bizkaitik abiatuta hedatu izanaren ideiari.

Indar handia duen beste teoria baten arabera, Piamonteko langileek sartu zuten tresna Euskal Herrian, 1850 eta 1860 bitartean. Langile horiek Alpeetan tunelak egiten arituak ziren, eta Beasain-Altsasu trenbide tartea egitera etorri zirenean akordeoi diatonikoa ekarri zuten.

Datu horien argitan, trikitiaren historia laburbil daiteke esanez Bizkaian loraldi goiztiar bat izan zuela, 1936ko Gerra Zibilak ia desagerrarazia. Gero, Gipuzkoan, instrumentua behin betiko berreskuratzeko prozesua Elgetarekin hasi zen. Izan ere, Elgeta maisu izan zen genero horretako musikari ospetsuenentzat.

Bizkaian, trikitia ez zen berpiztu harik eta Francoren heriotzaren ondorengo kultura berpizkundea heldu zen arte, Rufino Arrola, Fasio Arandia eta Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaileak eszenara itzuli zirenean. Rufino Arrolak 58 urte zituen, eta Fasiok 62, soinu txikiari berriro ekin ziotenean; eta, nahiz eta adintsuak izan, jo eta ke aritu ziren.

Infernuko hauspoa

Bizkaian trikiti disko bat grabatzen aitzindaria Serafín Aranzeta izan zen, «Iurretako kamineroa» izenez ezaguna. Trikitilariak berak azaldu zuenez, 1926an, errepide bateko arekan lanean ari zela, auto bat iritsi zen, eta disko bat grabatu nahi zutela esan zioten. Bere burua garbitzeko edo arropaz aldatzeko astirik gabe, eskorga eta aitzurra arekan utzi zituen, arrebari deitu zion panderoarekin lagun ziezaion, elkarrekin Bilboko Coliseo Albia antzokira joan ziren, eta han piezak sekula baino lasterrago grabatu zituzten. Diskoetxea La Voz de su Amo zen.

Infernuko hauspoa

XX. mendeko lehen hamarkadan trikitiak izandako hedapen azkarrak kontraste bizia egin zuen pulpituetatik haren kontra sustatutako gurutzadarekin. Sermoietan adierazten zenez, edariarekin eta dantzarekin, gazteak aurreiritzietatik askatzen ziren, eta emakumeak «gizonen besoetara botatzen dira». Horregatik, akordeoi diatonikoak hainbat izendapen gutxiesgarri pilatu zituen garai hartan, hala nola infernuko hauspoa eta txerren hauspoa (deabru hauspoa), besteak beste.

Maurizia Aldeiturriagak esaten zuenez, bere senarrak, Benantzio Bernaola «Karakol» trikitilariak, pasodobleren bat jo zuela aitortzen zuen bakoitzean, apaizak absoluzioa ukatzearekin mehatxatzen zuen.

RUFINO arrola

EZAGUTU

BONIFAZIO ARANDIA

EZAGUTU

BALBINO OJANGUREN

EZAGUTU

Scroll to Top