Alejandro Aldekoa Berrizko Aritzandieta baserrian jaio zen 1920ko martxoaren 27an, eta bertan bizi izan zen 1960 urtera arte.

Hamar urterekin, bere aitak Berrizko dantza tradizionalak erakutsi zizkion, hala nola dantzari dantza eta erregelak, XVII. mendetik hona herrian dantzatuak. Hamabi urte zituela, txistua jotzen hasi zen, Eibarko txistulari Leon Laspiurren babespean. Hark solfeoa ikas zezan exijitu zion. Modesto Arana, apaiza eta Berrizko komentuko organo eta piano irakaslea, arduratu zen Alejandrori solfeoko hezkuntza emateaz. Garai hartan, egunero joaten zen Berrizera solfeoa irakastera, eta, astean behin, Eibarrera joaten zen txistuarekin. Bere lehen txistua Errenterian erosi zuen, 15 duroren truke; eta danbolina Donostian, 10 duroren truke.

Alejandro Aldekoa – Sabin Bikandiren argazki bilduma
Alejandro Aldekoa eta bere seme German txistua jotzen – Sabin Bikandiren argazki bilduma

Hamasei urte zituela, Begoñako udal txistularia —Martin Elola bergararra— hil zenean, plaza horretarako oposizioetara aurkeztea erabaki zuen. Hala ere, azterketarako 8 egun besterik falta ez zela, Gerra Zibila piztu zen, eta jarduera guztiak bertan behera geratu ziren.

Hemezortzi urte zituela, nazionalek atxilotu zuten, eta frontera bidali. Ebroko batailan borrokatu zen, Katalunian. 1944an itzuli zen etxera, txistuarekin zuen trebetasunaren zati handi bat galduta. Orduan, erabaki zuen etxe ondoan armagintzako lantegi txiki bat muntatzea, bizimodua ateratzeko.

Garai hartan, dantzako irakaslerik ez zegoenez, herriko gazteek dantzari dantza eta erregelak irakasteko eskatu zioten. Horren ondorioz, Berrizko San Lorenzo dantza taldea sortu zen 1952an; gaur egun ere bizirik dago talde hori.

Zaldibarren bereganatu zuen txistulari plaza, eta 40 urtez jardun zuen lanbide horretan. Hala ere, bere txistua Durangaldeko alarde guztietan entzun zen.

1973an, Serafin Amezua Berrizko udal txistularia hil ondoren, bere gain hartu zuen plaza. Hartara, Bizkaiko txistulari sagarik ezagunenetako baten lekukoa hartu zuen: Patxikutarrak edo Patxikotarrak, XVIII. mendeaz geroztik Berrizko dantzari dantza eta erregelak iraunarazteaz arduratu zirenak. Udal txistulari lana eta San Lorenzo taldeko dantza maisu lana uztartzen jarraitu zuen, beti aitarengandik ikasitakoa transmitituz.

Bere ibilbidea saritzeko, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak urrezko domina eman zion 1996ko ekainaren 2an.

1996ko ekainaren 20an hil zen, Berrizen. Haren semeak ere (Jon eta German) txistulariak dira, eta Berrizko dantzak transmititzen jarraitu zuten.

BIDEOAK

Alejandro Aldekoa, Santos Oregi Dantza Maisuak Garain (Galdakaoko Andra Mari Euskal Dantzari Taldea)

Alejandro Aldekoa, Santos Oregi Dantza Maisuak Garain

DISKOGRAFIA

Alejandro Aldekoari omenaldia. Berrizko herria (1993)

Scroll to Top