
Bonifazio Arandia Uriarte Igorreko Elexalde auzoan jaio zen, 1909ko abuztuaren 30ean, eta belarriz jotzen ikasi zuen Pedro Egiarekin («Popon» ezizenez ezaguna), Pedrok Arantzazun zuzentzen zuen bizartegian. Gainera, noizean behin Bilbora joaten zen, Juan Rodriguezen (Bilbo, 1901-1934) eskolak jasotzera, garai hartako akordeoi jotzailerik onentzat jotzen baitzuten. Bonifazioren lehen akordeoi diatonikoak botoi ilara bakarra zuen, nahiz eta gerora bi ilarako ohiko formatua zuen trikiti bat eskuratu zuen.


Hamahiru urterekin hasi zen plazetan jotzen; eta, Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, arrazoi politikoengatik utzi zion jotzeari. Denbora luzez geldirik egon ondoren, 1971n berriz heldu zion instrumentuari, bai eta txapelketa bat irabazi ere. Benantzio Bernaolak («Karakol» ezizenez bezala ezaguna) osasun arrazoiengatik jotzeari utzi zionean, akordeoiarekin haren lekua hartu zuen, Maurizia Aldeiturriagari eta Leon Bilbaori laguntzeko.
Haiekin Euskal Herriko hirukote musikal ospetsuenetako bat osatu zuen. Zenbait diskoren grabazioan parte hartu zuten; horien artean, aipatzekoa da Alboka eta trikitixa: Leon – Maurizia – Fasio (Xoxoa, 1979).
Askotan pandero jotzailerik gabe jotzen zuen, adibidez bere Arratia futbol talde maitea akordeoiarekin animatzera joaten zenean (eta maiz joaten zen). Hala ere, emanaldi garrantzitsuetan Maurizia Aldeiturriaga edo Silvestre Elezkano («Txilibrin» ezizenez ezaguna) izaten zuen lagun; Txilibrinekin irabazi zuen 1975ean Bizkaiko trikiti txapelketa.
Arratiako trikitiaren adierazgarri nagusia dugu Bonifazio; bereizgarri dira haren tonu txikiko porrusalda eta jotak dira, albokaren doinura moldatzeko egokituak.
1987ko maiatzaren 17an hil zen, Igorreko bere etxean, hain zuzen ere Juanita Artabe emaztea hil eta hurrengo egunean.
Fasiok baserrian lan egin zuen; Arratiako tranbia ospetsuaren gidari izan zen, denbora batez; eta Explosivos Rio Tinto fabrikan lan egin zuen erretiroa hartu zuen arte. Esaten dutenez, emaztearen etxearen aurretik igarotzen zen bakoitzean, tranbiaren klaxona jotzen zuen behin eta berriz. Harekin ezkondu ondoren, baserrira aldatu ziren bizitzera.
BIDEOAK
DISKOGRAFIA

Alboka eta Trikitixa: Leon, Maurizia eta Fasio (1979)
- 07. Itsasoan doanian (Jotea)-1979
- 08. Gixonak bear badu (Porrue)-1979
- 09. Martxea (Martxea)-1979
- 10. Abadiñon (Jotea)-1979
- 11. Txikitxu polita (Jotea)-1979
- 12. Jotea (Jotea)-1979
- 13. Santa Katalinako (Porrue)-1979
