Hainbat urtez artzain musika tresnatzat jo izan bada ere, XX.mendeko albokari tradizional bakan gehienak Gorbeia, Aizkorri eta Urbasako mendialdeko nekazariak zirela kontutan hartu behar da.

Albokaren ezaugarri nagusienetako bat jotzeko etengabeko haize ematearen metodoa da, arnasketa zirkularraren teknikaren bidez (sudurretik airea hartu, ahotik botatzen den bitartean), jotzeari utzi gabe arnasa hartzea lortuz.

Albokariak Zeanurin (Bizkaia), XX mende hasieran. – Argazkia: Indalecio Ojanguren (www.guregipuzkoa.eus)

Badira albokaren antzeko instrumentu aerofono batzuk albogue izenekoak; ez dituzte ezaugarri berak. Aditu batzuek iradokitzen dute bien izenaren jatorria arabierako al-buk dela (horrek «tronpeta» esan nahi du); beste batzuek, ordea, argudiatzen dute alboka izenak beste jatorri bat duela, albogue izenarekin loturarik gabea.

Tradizioz, alboka behi adarrarekin, zurezko oinarri batekin, eta bost eta hiru zuloko bi kanaberarekin egiten zen. Gaur egun, plastikozkoak ere egiten dira, edo baita osorik zurezkoak ere. Fitak, bibrazio bidez soinua sortzen duen albokaren zatia, funtsezkoak dira albokaren soinurako. Bitxikeria gisa, Leon Bilbao albokariak bere bularreko ile bat sartzen zuen kanaberaz egindako fitetan, bibrazioa areagotzeko. Ibon Koteronek dioenez, Leonekin etxean alboka jotzen ikasten zutenean, txantxetan esaten zuten bazekitela zergatik zen afrikarra albokaren jatorria: «lehoi ilea» erabiltzen zelako soinua ateratzeko.

Albokaren lehen aipamen idatzia 1443koa da, Arrasaten, nahiz eta albokaren jatorria denboran galtzen den. Albokaren lehen grabazioak 1913an egin zizkion Rudolf Trebitsch antropologo austriarrak Igorreko Anbrosio Gorostiaga “Anbros”i. Hala ere, 1964 arte ez zen albokaren lehen diskoa grabatu, Jose Mariano Barrenetxea albokariarekin eta Romualda Zuloaga pandero jotzailearekin (Cinsa).

Jose Luis Bengoa Zubizarreta, Miguel Angel Astiz eta Jose Mariano Barrenetxea izan ziren alboka ahaztu ez izanaren arduradun nagusietako batzuk. Izan ere, 1970eko hamarkadan Euskal Herri osoan 40 albokari besterik ez zen zenbatu; gaur egun, ordea, alboka guztiz osasuntsu dugu, landa eremutik hiri eremura igaro baita. Horren adibide da Exkixu taldeak egindako lana. 1990eko hamarkadan, Exkixuk erakutsi zuen alboka rock talde batean sar zitekeela, eta taldeak argitaratu zituen bi diskoetan protagonista ere izan zen alboka.

Arratiako elezahar batek dioenez, albokari batek apustu egin zuen Parisko kalerik luzeena mandoz zeharkatuko zuela, alboka etenik gabe joz. Gertaera horrek alboka koplarik ezagunenetako bat sortu zuen: (Artolak dauko famia, beria dauela mundu guztiko jendia, goizean Parisen, gauean Parisko kalia luzea, hauxe kalea pasau ezkero, atzeko mandoa neuria).

J. MARIANO
BARRENETXEA

EZAGUTU

LEON BILBAO

EZAGUTU

SILBESTRE ELEZKANO “TXILIBRIN”

EZAGUTU

Scroll to Top