
Silvestre Elezkano Urribarri «Txilibrin» Igorreko Basauntz auzoan jaio zen, 1912ko abuztuaren 15ean. Sei anai-arrebatan gazteena izan zen, guztiak folkloreari lotuak. Ibilbide nabarmena egin zuen, albokari, pandero jotzaile, koplari, dantzari, irakasle eta albokagile.
Gaztetatik, Fasio Arandia eta Pedro Bilbao («Txato de Castillo») musikariekin batera, emanaldi eta erromerietan parte hartzen hasi zen. Dantzaritzat ospe handia lortu zuen, bereziki Satur Arandiarekin batera dantzatzen zituen jotengatik.


Igorreko harrobietan lan egin zuen, eta bere anaia Jose «Lagun» delakoari laguntzen zion, Josek zuzentzen zuen bizartegi eta zapata dendan. 1936ko uztailean Gerra Zibila hasi ondoren, Arana Goiri batailoiko Gorbea konpainian izena eman zuen, boluntario. Gorbeiako, Legutioko, Saibigaineko eta Gernikako fronteetan borrokatu zen, besteak beste. 1937ko abuztuan Eusko Gudarosteak Santoñan eta Laredon amore eman ondoren, zenbait kontzentrazio esparrutan espetxeratuta eduki zuten (Santoña, Miranda Ebro, Puente Genil, Castuera, Algeciras), harik eta 1939ko abenduan askatu zuten arte.
1940an Bilboko Indautxura joan zen bizi izatera, eta 1971 arte Euskalduna ontzioletan lan egin zuen. Urte haietan zehar, ogibide zuen lan hori jarduera folklorikoekin uztartu zuen, hainbat euskal dantza taldetan sortzaile, laguntzaile eta irakasle izanik, hala nola: Dindirri, Arraizpe, Beti Alai, Txindor, Gaztedi, Galdakaoko Andra Mari, Ballets Olaeta, Beti Jai Alai eta Bizkai. Jarduera horietan, euskal folkloreko pertsona handiekin batera aritu zen: Manu Gerrikabeitia, Martin Pertika, Patxi Arrese, Alejandro Intxaurbe, Elías Pradera, Txelu Etxebarria, Iñaki Irigoien, Sabino Larrea, Segundo Olaeta, Jon Pertika eta Sabin Egigurenekin, besteak beste.
Hiru bira egin zituen Ipar Amerikan 1967, 1968 eta 1970ean; guztira 190 emanaldi egin zituen Estatu Batuetan, eta 11 Kanadan (35 eta 6 estatutan, hurrenez hurren). Bira horiek Victor Olaetak zuzendutako Olaeta Basque Festival of Bilbao ikuskizunaren parte ziren, eta Boni Fernandez txistulariak lagundu zion, besteak beste.
1987, 1989 eta 1990ean, hiru bira egin zituen Hego Amerikan; guztira 75 emanaldi egin zituen Argentinan, Brasilen, Txilen eta Uruguain. Gainera, 500 ongintza, kultura eta gizarte emanaldi baino gehiagotan parte hartu zuen, La Caravana de la Alegría ongintzako elkartearekin, Manolo Leguina, Guillermo Etxebarria «Artxanda» eta Juan Carlos Roelekin, besteak beste.
Hainbat dokumental nabarmenetan parte hartu zuen, hala nola Fernando Larruquertek zuzendutako Euskal herri-musika (1978) eta Esther Korta eta Aitor Zamalloaren Dantzan-Gorbeialdea (1998) dokumentaletan. Telebistako saio askotan ere agertu zen, besteak beste Estudio abierto (TVE2, José María Íñigok zuzendua, 1974-04-19), La Banda del Mirlitón (TVE1, 1976-02-22) eta Bailando hasta morir (ETB2, Antxon Urrusolok zuzendua, 1991-10-10) saioetan.
Parte hartu zuen 38 diskotan, 84 doinurekin (28 albokakoak, eta 56 pandero eta ahotsarekin); horien artean, nabarmentzekoak dira Trikititxa: Txilibrin y Balbino eta Berrizko itsuari…, Mikel Urbeltzek egina, eta Manuel García Matos, Juan Manuel Ares, Juan Antonio Urbeltz eta Juan Mari Beltranek zuzendutako zenbait antologia musikal.
Jendaurreko azken emanaldia, alboka jotzen, panderoa jotzen eta abesten, 1998ko ekainaren 21ean egin zen, Bilboko Arriaga antzokian, 75 urtez agertokietan aritu ondoren.
Bilbon hil zen, 2003ko uztailaren 30ean
BIDEOAK
BIZKAIKO JOTAK. ARRATIAKO JOTAK (Galdakaoko Andra Mari Euskal Dantzari Taldea)
1967-1968ko albokari, panderojole eta koblarien asanblada – J.M.BARRENETXEAREN
BILDUMA (Soinueneak digitalizatua)
KRISKITINAK TXILIBRIN, 1997 (SOINUENEA)
DISKOGRAFIA

Antología de instrumentos vascos (1971)
- A3. Fandango arin arin biribilketa alboka
- B5. Fandango arin arin biribilketa trikitixa

Trikititxa: Txilibrin y Balbino (1972)
- A1 – Fandango
- A2 – Arin - Puerros
- A3 – Biribilketa

Pot-pourri vasco vol.II (1974)
- A3 – Trikitixa con acordeón (biribilketa)
- B3 – Trikitixa con alboka (arin-arin)

Nuklearrik ez, eskerrik asko! (1980)
- 6. Jota con alboka cantada y aplausos

Mikel Urbeltz – Arrabita herrikoia (1995)
- 2. Amaia - solo de alboka
- 14. Artolak deuko bibolinarekin - Txilibrin Mikel Urbeltz Arantzazu Olabarrie
- 15. Musika bibolinarekin - Txilibrin Mikel Urbeltz Arantzazu Olabarrieta
- 16. Lehenengoa bibolinarekin - Txilibrin Mikel Urbeltz Arantzazu Olabarrieta
- 17. Bigarrena bibolinarekin - Txilibrin Mikel Urbeltz Arantzazu Olabarrieta
- 18. Goxean Parisen bibolinarekin - Txilibrin Mikel Urbeltz Arantzazu Olabarri
- 19. Gipuzkoako bueltea bibolinarekin - Txilibrin Mikel Urbeltz Arantzazu Olab
- 20. Aite Aite bibolinarekin - Txilibrin Mikel Urbeltz Arantzazu Olabarrieta
- 23. Mahatsaren orrien kopla solista Txilibrin

Música tradicional CSIC MIF
- 1. Jota Alboka sin cantar
- 12. Martxa alboka
- 22. Alboka aita san antonio
- 24. Bertsolaris - Txilibrin eta Jose Elezkano lagun