Juan Bilbao Ortuoste Mañariko Aldebaraieta auzoko Ortuoste baserrian jaio zen, 1905eko maiatzaren 8an. 12 urte zituela, ganadua zaintzen zuen bitartean, bere kabuz ikasi zuen txirula eta txistua jotzen.

Dultzainarekiko zaletasuna kasualitatez piztu zitzaion, 1922an Manuel anaia soldadutza egiten ari zela Melillan hil ondoren. Kanpamentuko kapitainaren neskameak, Elogiak, Manuelena izandako dultzaina helarazi zion Juani. Ordutik aurrera, Juanek bere kabuz ikasi zuen, eta hamaikatxo erromeriatan parte hartu zuen.

Juan Bilbao dultzaina jotzen Boluetako jaietan. – Juan Bilbaoren senideen argazki bilduma
Juan Bilbao bere familiaren baserrian dultzaina jotzen 1980ko hamarkadan. – Juan Bilbaoren sendiaren argazki bilduma

1920ko hamarkadan, Durangaldean jotzen aritu zen, bere lehengusu Fermin Ortuosterekin (1906-1962), Dionisio eta Txomin anaien atabalak lagunduta. Aldi luze batean dultzaina jo gabe izan ondoren, 1970eko hamarkadan berriz ekin zion dultzaina jotzeari, eta Karmelo Bilbao semeak lagundu zion atabalarekin.

Durango, Abadiño, Amorebieta, Gernika, Atxondo eta Otxandioko erromerietan parte hartu zuen, ohiko fandangoak, porrusaldak, tangoak, pasodobleak, baseak eta dianak interpretatuz.

1977an, hiru pieza grabatu zituen Herriko musika (Kardantxa) diskoan, bere seme Karmelo Bilbaok atabalarekin laguntzen ziola. Garai berean, Zahargaztiak musika taldeko kide izan ziren, Basilio Txiki eta Eduardo Egiarte trikitilariekin eta Juanita Gorroño eta Felisa Arribalzaga pandero-jotzaileekin batera.

1991ko abenduaren 31n hil zen.

BIDEOAK

JUAN BILBAO eta PATXI BILBAO agertzen den bideoa (Juan Bilbaoren familiak utzitakoa) 

JUAN BILBAO eta PATXI BILBAO agertzen den bideoa

DISKOGRAFIA

Herriko musika (1977)

Scroll to Top