Dultzaina mihi bikoitzeko instrumentu bat da, aerofonoen familiakoa, aditu
batzuen ustez abeltzain jatorrikoa. Antzina-antzinatik erabili izan da gure
lurretan. Dultzaina terminoaren lehen aipamen idatzia, Bizkaian, 1741ekoa da,
Arretxinagan. Dokumentu batean aipatzen da Manuel Bustrini ordainketa bat
egin zitzaiola, «por su salario de tanbolitero y dulzana» («bere danbolin- eta
dultzaina-jotzaile soldatagatik»). Data hori baino lehen, erreferentzia ugari
daude gaita terminoarekin, baina ez dago argi ea dultzaina den edo beste
musika tresna bat den. Izan ere, hainbat eskualdetan, gaita izena mihi
bikoitzeko edozein instrumentu izendatzeko erabili izan da, hala hauspoa
dutenak nola hausporik ez dutenak, mokoko flautak, alboge direlakoak edo
zarrabeteak.

XX mende hasierako erromeria San Blas azokan (Abadiñon), non musikari eta gramofonoaren inguruan korro ezberdinak bereizten diren. – Argazkia: Indalecio Ojanguren (www.guregipuzkoa.eus)

Argitzearren, aipagai dugun instrumentuaren ezaugarriak hauek dira: hodi koniko irregular bat du (konikoagoa behealdean), 8 zulokoa (7 aurrealdean; eta 1 goialdean, atzealdean), zurez edo metalez egina. Mutur estuan kanaberazko mihi bikoitzeko pita bat konektatzen da, eta horrek sortzen du soinua. Hau da, xirolarruak ez bezala, dultzainak ez du airea pilatzeko poltsarik, ez eta zuloak estaltzen dituen giltzarik ere.

Gaur egun, nolabaiteko eztabaida dago ea instrumentu horren izen egokia zein den, eta horrek nahasmena sortu du dultzaina eta gaita terminoen artean. Adibidez, Lizarrako Aita Hilario Olazaranek, txistuari eta gaitari buruzko bere tratatuan, honako hau adierazi zuen: «[…] nos inclinamos a llamarlo gaita, porque consta que así se ha llamado en Navarra por lo menos desde el año 1805. En Estella no le hemos llamado nunca dulzaina […]» («[…] gaita deitzearen alde egiten dugu, Nafarroan gutxienez 1805. urteaz geroztik horrela deitu izan delako. Lizarran ez diogu inoiz dultzaina deitu […]»). Hala ere, beste ikerketa batzuen arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan dultzainero izendapena gaitero izatera aldatu zen, musikaritzat ospe handia zuten nafar interpreteen arrastoari jarraitzeko ahaleginean. Izan ere, bitxikeria gisa, Juan Aiesta bediatarrak dultziña deitzen zion instrumentuari, baina bera Juan Gaiteru izenez zen ezaguna.

XX. mendearen hasieran, dultzainero batzuek bizirik mantentzen zuten dultzainaren tradizioa, normalean danbor batez lagunduta (eta kasu batzuetan, pandereta batez). Bizkaian, dultzaina herri eta auzoetako erromerietan entzuten zen. Erromeria horietara musikari asko joaten ziren, eta horrek dultzaineroak lehiatzera behartzen zituen, ahalik eta jende gehien erakartzearren eta, horrela, diru gehiago irabaztearren. Garai hartan, txakur txiki bat (pezetaren bost zentimo) kobratu ohi zen emanaldi bakoitzeko, dantzaldian parte hartzen zuen bikote bakoitzeko mutilak ordaindua. Akordeoiaren eta ondoren gramofonoaren etorrerarekin, dultzainaren presentzia Bizkaian bigarren maila batean geratu zen, landa eremuetara mugatuta.

Zorionez, egoera aldatu da, eta gaur egun gure herrietako jaietan ohikoa eta ugaria da gaitarien eta dultzaineroen presentzia.

Bizkaian, dultzaina Gipuzkoan eta Bizkaian XIX.mende amaieran erabiltzen hasi zen metalezko bertsioarekin lotzen da. Juan Pradere (1844-1908), Durangoko bizilaguna eta ofizioz kobregilea, izan zen dultzainaren metalezko bertsio berri hau asmatu zuena, XX. ordura arte.

JUAN AYESTA

EZAGUTU

JUAN BILBAO

EZAGUTU

PATXI BILBAO

EZAGUTU

Scroll to Top