Jose Mariano Barrenetxea Gutierrez Getxon jaio zen, 1937ko maiatzaren 4an, Gerra Zibileko gertaeren ondorioz, baina Galdakaon hazi zen eta bizi izan zen bizitza osoan. Haren aita, Mariano, 1911n Igorren jaioa, Antonia Gutierrez galdakoztarrarekin ezkondu zen. Bikotea Galdakaoko Bengoetxe auzoan bizi izan zen, eta han bost seme-alaba izan zituzten. Nagusiak Mariano eta Antonio bikiak izan ziren.

Txikitatik musikarekiko zaletasun handia sentitu zuen, familia giroak bultzatuta, aita koplaria baitzuen. Solfeoa ikasten hasi zen, eta aldi berean oboea eta txistua jotzen hasi zen.

Jose Mariano Barrenetxea, "Euskal Herriko albokari, panderojole eta koplarien Elkartea"ren eratze egunean Galdakaoko Elexalde auzoan, 1967. - J.M.Barrenetxearen bilduma
Silvestre Elezkano "Txilibrin", Jose Mariano Barrenetxea eta Jose Ojanguren Elexalden (Galdakao), 1971. - Jose Ojangurenen sendiaren argazki bilduma

Marianok 4 urte zituela, Tiburtzio Elezkano alboka jotzen ikusi zuen. Tiburtzioren anaia, Bernardo, aitaren arreba batekin ezkondu zen; beraz, Igorreko Elezkanotarrak ahaideak ziren. Marianok «osaba» deitzen zien. Elezkanotarrak dantzari ospetsuak ziren; nagusia dultzaineroa zen, eta besteak, pandero jotzaileak eta albokariak, hala nola Tiburtzio eta Txilibrin, biak ere lehen mailakoak.

Mariano 1956an albokak jotzen eta egiten hasi zen; eta 1960an, instrumentuari buruzko ikerketak egiten. Gero, 1963an, Bilbon alboka akademia bat sortzeko urratsak egiten hasi zen. 1967ko otsailaren 23an lortu zuen helburua, udal alboka eta pandereta akademia sortu baitzen.

Dantzari eta txistulari izan zen Galdakaoko Andra Mari taldean, 1955ean sortu zenetik. 1960an, talde horrekin alboka jotzen hasi zen, eta han ezagutu zuen Romualda Zuloaga pandero jotzailea. Harekin grabatu zuen 1964an Alboka: bailables vascos (CINSA) diskoa, argitaratu zen lehenengo alboka diskoa; hor parte hartu zuen Marcelo Arrieta «Borlas» musikariak ere, akordeoi diatonikoarekin. 1972an, Euzkal meza (Columbia) diskoaren grabazioan parte hartu zuen.

Romualda Zuloaga izan zuen ohiko laguntzailea, panderetarekin, eta harekin hirugarren geratu zen Galesko Llangollen herriko Instrumentu Tradizionalen Txapelketan, 1966an, Galdakaoko Andra Mari taldearekin egindako biran.

Mariano funtsezko figura izan zen alboka berreskuratzeko lanetan. 1967ko ekainaren 18an eta 1968ko abuztuaren 18an, Galdakaoko Elexalde auzoan, Euskal Herriko Albokari, Koplari, Pandero Jotzaile eta Dantzarien Batzarrean bildu zituen geratzen ziren azken albokariak, instrumentuari bultzada bat emateko asmoz.

Batzar horretan Jorge de Riezu nafar aita kaputxinoa ere izan zen, eta harekin 1976an argitaratu zuen Alboka: entorno folclórico, albokaren azterketarako liburu nagusitzat jotzen dena.

Hala ere, ikertzaile eta dibulgatzaile lanetan askoz ere bide zabalagoa izan zuen. Izan ere, 1965 eta 1971 artean Txistulari aldizkarian artikulu ugari idatzi zituen, eta honako liburu hauek argitaratu zituen:

  • La alboka, Eusko Ikaskuntza, 1983.
  • Apuntes sobre el txistu, 1984.
  • La alboka y su música popular vasca, 1986.
  • Aclaraciones sobre la alboka, 2000.

Dantza, txistu eta alboka irakaslea, alboka ikasteko metodo bat egin eta argitaratu zuen. Instrumentu horri eskainitako eskoletan asko erabiltzen da liburu hori.

Jose Mariano 2006ko maiatzaren 23an hil zen, Galdakaon, gaixotasun luze eta gogor baten ondoren.

BIDEOAK

1967-1968ko albokari, panderojole eta koblarien asanblada – J.M.BARRENETXEAREN
BILDUMA (Soinueneak digitalizatua)

Albokari, panderojole eta koblarien asanblada

DISKOGRAFIA

Alboka – Bailables vascos (1964)

Euskal meza (1971)

Scroll to Top