Pandereta edo panderoa jatorri ezezagunekoa da. Antzina-antzinako musika tresna bat da, hainbat zibilizazioetan dokumentatua, hala nola Mesopotamian, Egipton, Indian, Grezian eta Antzinako Erroman. Adituek diotenez, XIII. mendean iritsi zen Europara, ziurrenik gurutzatuek Ekialde Hurbiletik ekarria. Orduz geroztik, Erdi Aroko musikariek danborraren aldaeratzat bereganatu zuten, eta herri instrumentutzat sendotu zuten.

Romualda Zuloaga panderoa jotzen Silvestre Elezkano “Txilibrin” albokariarekin batera – Romualda Zuloagaren sendien

Pandereta hitza nahiko modernoa da, XVII. mendean arabiar jatorriko adufe edo adrufe izena erabiltzen baitzen. Munduko toki batzuetan tambour de basque esaten zaio, eta horrek agerian uzten du instrumentuak Euskal Herrian duen garrantzia. Hartara, Neringo musika eskolak egindako ikerketa baten arabera, Galiziako zenbait herritan pandereta «Euskal Herriko erara» jotzeko modu berezia zuten.

Euskal Herriko lehenengo erreferentziak, Aita Donostiak 1952an jaso zuenez, XVI. mendekoak dira. Kontatzen denez, Karlos IX.a Donibane Lohizunera etorri zenean, danbolin gisa erabiltzen zen galbahe zintzarridun batekin dantzan ari ziren gazteei begira entretenitzen zen. Ordutik, pandereta toki eta aldi askotan agertu da, hainbat formatutan.

Pandero jotzaileak beste instrumentu bati lagundu ohi zion; albokari edo trikitiari, normalean. Panderoak eta trikitiak eratutako bikoteari deitu ohi zaio trikitia, nahiz eta eskuarki akordeoi diatonikoari bakarrik deitzen zaion izen horrekin. Esaten denez, trikiti izena panderoaren metalezko xaflek jotzean ateratzen duten soinutik dator (tri-ki-ti, tri-ki-ti). Beste batzuetan, pandero jotzailea bakarrik aritzen zen, abesten zituen koplen erritmoa markatuz, inprobisatuak izan edo ez.

  1. mendean, emakume pandero jotzaileen presentzia ohikoa eta gehiengoa izan zen. Maurizia Aldeiturriagak, Ageda Goikoetxeak, Kastora Irigoienek, Romualda Zuloagak, Juanita Gorroñok, Felisa Arribalzagak eta Andresa Ibarrondok bide goresgarria ireki zuten, beren lana bigarren maila batean uzten zen garaian, gizonek menderatutako gizarte batean. Izan ere, 1926an, Antonia Aranceta izan zen disko bateko lehenengo pandero grabazioko protagonista, bere anaia Serafin Aranceta «Oromiño» Iurretako akordeoi jotzailearekin batera.

Hala ere, ez ditugu ahaztu behar gizonezko pandero jotzaile handi batzuk, hala nola Eusebio Roura «Eusebito», Silvestre Elezkano «Txilibrin», Balbino Ojanguren edo Patxi Bilbao. Horiek, trikitiaz, albokaz edo dultzainaz gain, panderoa ere jotzen zuten.

Azkenik, garrantzitsua da pandero jotzaileen txapelketak nabarmentzea. Txapelketa haietan, parte hartzaileek panderetarekin zuten trebetasuna eta jota eta porrusalda koplak abesteko dohainak erakusten zituzten.  Kopletako umorea eta pikardia etengabeak ziren. Horietako batzuk gaur egun onartezinak lirateke, genero berdintasunaren ikuspegitik; horren adibide da Maurizia Aldeiturriagak abesten zuen kopla bat, Kortatu taldeak ezagun egin zuena bere abestietako batean sarrera gisa jarrita: «Gizonak behar badau bere deskantsue, andrea hartu deiala zarra ta antzue, andrea hartzen badu gazte umetsue, faltako jako beretzat prentsue. Aire!!»

Larrañazubiko (Getxo) baserri batean hazi eta bizi izan zen Florencio Zarraga bertsolari eta pandero jotzailea deskalifikatu egin zuten Bizkaiko bertsolari txapelketa batean, panderetaz lagunduta aritu zelako.

ROMUALDA ZULOAGA

EZAGUTU

MAURIZIA Aldeiturriaga

EZAGUTU

FELISA ARRIBALTZAGA

EZAGUTU

Scroll to Top