Bonifacio Fernández Ortiz «Boni» 1924ko urtarrilaren 2an jaio zen, Bilboko Urazurrutia kalean. Boni bere aitarekin hasi zen musika ikasten, jazban batean jotzen. Sei urte zituela, aita hil zitzaion, eta amak Miserikordiako Errege Etxe Santuan sartu behar izan zituen seme-alabak. Han, Bonik musika ikasketak egiten jarraitu zuen, eta jostun lanbidea ikasi zuen. 17 urterekin Sires jostundegian hasi zen lanean; baina, bi urteren ondoren, etxetik lan egitea erabaki zuen, arrebaren laguntzarekin.

23 urterekin, Santanderren soldadutza egiten ari zela, txistua jotzen ikasten hasi zen, Hilario Olazaran kaputxinoaren irakaskuntzapean. 1949an, soldadutza amaitzean, etxera itzuli eta Manuel Landaluze ezagutu zuen. Harekin erromerietan jotzen hasi zen. Zailtasun ekonomikoak izan arren, Bonik bere lehen txistua erosi zuen, ezpel zurez egina, 375 pezetan.

Boni Fernandez, Bilboko Udal Txistulari bandak ekitaldi berezietan erabiltzen duen galazko jantzia soinean daukala – Boni Fernandezen sendiaren argazki bilduma
Boni Ingalaterrako Isabel II Erreginaren gaitero nagusiarekin – Boni Fernandezen sendiaren argazki bilduma

1957an, Bilboko alkate Joakin Zugazagoitiak Manuel Landaluzeri eskatu zion Udalaren Txistulari Banda berrantolatzeko, eta 1958ko Aste Santuan aurkeztu zen. Bandako kideak hauek ziren: Boni Fernandez (zuzendaria eta lehen txistua), Victoriano Goitia (bigarren txistua), Manuel Landaluze (silbotea) eta Jesus Villar (atabala).

Landaluze hil zenean, Bonik haren lanarekin jarraitu zuen, eta Udalaren Txistu, Alboka eta Pandereta Akademia sortu zuen. Garai hartan hasi ziren igandeko kontzertuak Plaza Berrian. Bonik gustuko zuen kontzertuak pieza errazekin antolatzea, ikasleek parte har zezaten.

Gaztetan txistua jo zuen zenbait dantza talderekin; aipatzekoak dira Gaztedi, Dindirri eta Etorki. Beti zegoen prest behar zuen edozein dantza talderi laguntzeko, nahiz eta horrek gauez lan egitea esan nahi zuen, bere jostun lanak egin ahal izateko.

Haren txistuaren musikak hainbat aldiz gainditu zituen Euskal Herriko mugak. 1967an, 1968an eta 1970ean, Olaeta Balletarekin hiru bira egin zituen AEBetan eta Kanadan zehar (35 eta 6 estatutan, hurrenez hurren). 1985ean, bira bat egin zuen Argentinan zehar, hainbat eusko etxe bisitatuta. Eta 1986ko maiatzean, Londresen, Erresuma Batuko 500 musikari eta dantzarirekin baino gehiagorekin parte hartu zuen Morris Men biltzarrean.

1988an, Erroman eta Vatikano Hirian izan zen, Berriotxoako San Balentin kanonizatzeko ekitaldirako, eta Joan Paulo II.a aita santuak zorionak eman zizkion, aurreskua jo ondoren.

1989an, bira bat egin zuen Belgikan barrena, Lauroren abesbatzarekin; eta, Beti Jai Alai dantza taldearekin batera, Bulgarian barrena.

Disko askoren grabazioan parte hartu zuen, eta horien artean nabarmentzekoak dira bi, txistulari bakarlaritzat: Antología del txistu: Boni (CBS, 1973) eta Boni, txistulari de Bilbao (Columbia, 1973). Beste disko batzuetan ere parte hartu zuen: Bilboko txistulariak (Cinsa, 1970), Banda Municipal de Txistularis de Bilbao (Movieplay, 1977), Antología de instrumentos vascos (Columbia, 1971) eta Euskal meza (Columbia, 1971).

Omenaldi ugari jaso ditu; horien artean, aipatzekoak dira Urrezko Angula (1977), Inauterietako Zarambolak, Aste Nagusiko pregoilaria (1989) eta Ohorezko Txikitoa (1999).

2009ko urriaren 31n hil zen, Bilbon.

BIDEOAK

Ismael y la banda del Mirlitón – Danzas vascas
Ismael y la banda del Mirlitón

DISKOGRAFIA

Bilboko Txistulariak (1970)

Antología de instrumentos vascos (1971)

Euskal Meza (1972)

Boni, Txistulari de Bilbao (1973)

Antología del txistu: Boni (1973)

Pot-pourri vasco II (1974)

Banda Municipal de txistularis de Bilbao (1977)

Scroll to Top